2010/06/09

“Sagarren denbora” estreinatuko dute ostiralean Baionan eta uztailaren 1ean ikusgai Plentzian


Datorren ostiralean estreinatuko dute “Sagarren denbora” Baionan, Kristiane Etxaluz eta Alfontso Etxegarairen inguruan Josu Martinez eta Txaber Larreategik egindako dokumentala.
Plentzian ere ikusgai izango da dokumentala, uztailaren 1ean, osteguna, arratsaldeko 19:30etatik aurrera Goñi Portal kultur etxean. Dokumentala ikusi ostean aukera izango dugu Kristiane eta Txaberekin hitz egiteko.

SAGARREN DENBORA
ALFON ETXEGARAI ETA KRISTIANE ETXALUZ: 25 urteko deserritik itzultzen

Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluzek osatutako euskal bikoteari buruzko 70 minutuko filma dokumentala dugu. Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendua eta Bilboko GITE-IPES taldeak ekoiztua. 2009 eta 2010 urteetan filmatua izan da, Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat tokitan eta Sao Tomé y Principe ugartean (Afrika Zentrala).

Argazkia Hibai Castrok burutu du. Musika, Arkaitz Minerrek, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart eta Eñaut Etxamendiren parte hartze bereziekin.

Jatorrizko bertsioa euskaraz eta gaztelaniaz da; portuges eta frantsesezko parte ttiki batzuekin. Halaber, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesezko azpitituludun bertsioak ere burutu dira.

Sinopsia:

Kristiane Etxaluz xiberotarra eta Alfonso Etxegarai bizkaitarra ezohiko bikotea dira. Biak gaztetik lotuak Euskal Herriaren askapenerako borrokari, beren maitasuna sorterritik 7.000 kilometrotara bizitzera kondenatutak daude, Alfonso Afrikako ugarte ttipi batean baitaukate aspaldi deportaturik. Baina erbesteak erbeste, Bidasoaren Herrian dauzkate biek begiak eta sagarren denboran bihotzak; Oraindik iristear den sagarren denbora emankorrean.

Jatorria eta estiloa:

Zuzendariek Alfonso Etxegarairen “Regresar a Sara” liburua (Txalaparta, 1995) irakurri zutelarik ukan zuten filma burutzeko ideia. Berehala, GITE-IPESek bere gain hartu zuen ekoizpena, publiko zabalari Euskal Herriaren historia hurbileko pasarte hau ezagutzera emateko asmoz.

Aurretik ere GITE-IPESekin lanean aritua da lan talde bera. Horren adibide dugu, dokumental honen aurrekaria den “Itsasoaren Alaba” filma; joan den urteko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zena. “Sagarren denbora” ildo berdinaren jarraipena da; pertsonen bizitza beren sentimentuetatik kontatzen duen istorioa.

Alfonso Euskal Herritik deportatu zutenetik, duela 25 urte, Kristianek leku batetik bestera jarraitu du bere bikotekidea; lehenik Ekuadorrera, ondoren Sao Tome y Principera... baina Euskal Herria sekula erabat utzi gabe. Banaketak, gutunak, itzulerak, Euskal Herriko sagarrondoen zaintzea, herriaren aldeko borroka, urrun entzuten diren ahotsen oihartzuna.... pieza ainitzeko bizitza-puzlea osatu dute zuzendariek, guziak elkar itsasten dituen elementua maitasuna delarik.

>> Erredakzio mahaia: Sagarren denbora: Kristiane eta Alfontso 25 urte deserritik itzultzen
>> berria.info: Urruneko berba goxoa egun da oihartzun
>> gara.net: Kristiane Etxaluz, la brisa que nacía en el norte
>> argia.com: Kristiane Etxaluz “Herraren gainean ez dugu herria eraikitzen ahal”
>> AUDIOA: Euskadi Irratia / “Sagarren denbora” estreinu atarian.mp3 (Iraupena: 39:39).

No hay comentarios:

Publicar un comentario