2010/04/30

MAIATZAK 1: Langileon borroka, aldaketaren indarra


LABek euskal langileei Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die eta URIBE KOSTAn, manifestazioa 11:30ean Areetako Xake plazan.


Langileontzat hain gogorra den testuinguruan burutuko dugularik aurtengo Maiatzaren Lehena, LABetik langileon mobilizazioak eta borrokak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, hor baitago, zalantzarik gabe, gauzak aldatzeko gakoetako bat. Langileoi ez dizkigute gure eskubideak oparitu, borrokaren bidez eskuratu izan ditugu, belaunaldiz belaunaldi gaurdaino eman den borrokari esker. Bizi dugun krisiaz baliatuz gure eskubideak murriztu eta kendu nahi dizkiguten honetan, borroka egiteak bakarrik galeraziko du patronalak eta instituzioek erabaki horretan urratsak ematea.

Krisiak markatuta dator larunbateko eguna, baina badago Euskal Herrian indartzen eta gorpuzten ari den beste erreferentzia bat: behar beharrezkoa dugun aldaketa politikorako egin behar dugun bidea jorratzeko Ezker Abertzaleak hartutako iniziatiba, eta emandako urratsen ondorioz irekitzen ari den aukera berria. Aldaketa politikoa burutzea ezinbestekoa da langileok gure aldarrikapenetan aurrera urrats erabakigarriak emateko, Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko ahalmena edukitzeak emango baitigu zer nolako eredu ekonomiko eta soziala nahi dugun erabakitzeko aukera. Halaber, aipatu bidea prozesu demokratiko baten bidez burutzeak, herritarron ekimenez eta erabakiz burutzeak langileoi prozesu horretan protagonistak izateko aukera eta bidea eskeintzen digu eta horrek berebiziko garrantzia du, ezer gutxi espero dugulako gaur gaurkoz instituzioetan betikotzea beste helbururik ez duen klase politikoarengadik.

Krisia salatzeko, krisiaren atzean dauden politikak aldatu behar direla aldarrikatzeko eta patronalak gure eskubideak indargabetzeko duen helburuari aurre egiteko eguna izango da Maiatzaren Lehena LABentzat. Baita guztion artean bultzatu eta jorratu behar dugun prozesu demokratikoari begira iniziatibak hartzen jarraitu behar dugula aldarrikatzeko ere.

2010/04/16

GAUR KONTZENTRAZIOA LEMOIZKO ANDRAKA AUZOAN


Gaur, azken atxiloketak salatzeko, kontzentrazioa egingo da Lemoizko Andraka auzoan, arratsaldeko 20:00etan.

Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna da. Herenegun Guardia Zibilak bere etxea miatu zuen. Hori dela eta, ezker abertzaleko zinegotzi bat miaketan egoten saiatu zen, baita Arantza hor zegoen ala ez jakiten ere. Azkenean ez zuen GZ-aren baimena lortu miaketan egoteko, ezta Arantzaren presentzia baieztatzeko ere.

ATXILOTUAK ASKATU!
ERREPRESIOA EZ DA BIDEA
INKOMUNIKAZIOA = TORTURAK

2010/04/12

BURDINEN ARTEKO HERRIA liburuaren aurkezpena Armintzako kultur etxean

Apirilaren 23an, ostirala, BURDINEN ARTEKO HERRIA, euskal preso politikoen kolektiboaren historia kontatzen duen liburuaren aurkezpena burutuko da Armintzako kultur etxean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Basordaportu Kultur Elkarteak antolatuta eta hiru preso ohiren eskutik, kolektiboaren historia eta gaurko errealitatea ezagutuko dugu.

Liburu honek gure historiaren alde izkutuenetako bat kontatzen du. Estatu espainol eta frantsesak eraikitako kartzeletan milaka euskal herritarren jardunaz beteta daude bere orrialdeak. Batik bat, Franco hil eta ondorengo marko sasidemikratikoa gainditu nahian borrokaren hautua egin eta espetxeratu duten pertsonen ibilbidea, grina eta testagintza eskaintzen dizkigu.

1936ko gerra hasi zenez geroztik, bi aste besterik ez dira izan euskal preso politikorik gabekoak. Fran Aldanondo askatu eta Xan Marguirault giltzapetu zuten arteko aldia, alegia. 1977ko abenduan izan zen, eta itxaropentsu bizi eta tinko jarduten zuen gure Herriari ukazioaren eta errepresioaren aukera baino ez zioten eman aurreratzean.

Borrokaren bidea halabeharrez hartu zituzten milaka pertsona kartzelaratuak izan dira orduz geroztik. Bost mila baino gehiago dagoeneko. Espetxe barruko beren antolamendua, kezkak, gogoetak eta, edozeren gainetik, konpromiso testagintzak jasotzen ditu liburuak.

Arnasa gure memorian, aurrera egiteko ezinbesteko eskarmentua, burdinak hautsiz eskuratuko baitugu askatasuna.

Larunbatean, manifestazioa Donibane Lohitzunen



Autobusak egongo dira Uribe Kostan manifestaziora joateko. Eman izena ohiko lekuetan.

2010/04/09

Jabi Larreategi, Atxulo, gogoan

Jabi, ezkerretik lehenengoa, Fernando Etxegarai Pinki,
Alfon Etxegarai eta beste preso guztien askatasuna aldarrikatzen.

Gaur bi urte bete dira Jabi Larreategi, Atxulo, joan zitzaigun, 57 urte zituela. Militantzia politikoa zela eta, Atxulo 70. hamarkadaren hasieran, muga gurutzatu behar izan zuen bertan babesa hartzeko, baina Prefekturak kaleratze agindua eman zuen bere aurka 1972an. 1973an, Luis Carrero Blanco almirante eta Francoren ordezkoaren bizitzarekin amaitu zuen atentatuan, Ogro operazioa, parte hartu zuen, lehergailuak jartzeko tunela abiatzen zen pisua berak alokatu zuela, besteak beste. Atentatuaren ondorioz, Espainiak bere estradizioa eskatu zion Gobernu frantsesari, baina Frantziak uko egin zion eskaerari.


Hamarkada bat beranduago, 1984an, Ipar Euskal Herrian egindako sarekada batean harrapatu eta Parisera deportatu eta bertan konfinatu zuten, baina Larreategik uko egin zion ezarritako zigorrari. Handik aurrera, 1986an Poliziak ETAko nazioarteko arduraduna zela eta Aljerian eta Nikaraguan zebilela zabaldu zuen. 1993an, Nikaraguak Espainiaren esku utzi zuen eta hurrengo urtean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu eta errugabe jo zuen. Handik aurrera bizi zen Bilbon eta Plentzian.


Jabiren agurra eta omenaldia Gorlizko Astondoko hondartzan


GARAn agertutako artikuluak:

«Atxulo», abertzale-internacionalista
Atxulo (Mikel Arizaleta)

2010/04/07

2010eko MARTXOKO BALANTZEA




HONA HEMEN MARTXOKO BALANTZEA.
Hilabete osoan zehar Plentzian gertatutako gorabeherak (proposamenak, herri ekimenak, burututako mobilizazioak…) irakur daitezke bertan.
Irakurri eta zabaldu!