2010/06/25

Ezker Abertzaleak ekainaren 29an Greba Orokorrerako deia egin du



Ekainak 29rako Hego Euskal Herrian eta gaurko egunean Ipar Euskal Herrian eta Frantziako estatuan deiturik dauden Greba Orokorrak, Sarkozy eta Zapateroren gobernuek krisialdi ekonomikoari aurre egiteko garatzen dituzten politiko ekonomiko eta sozialei erantzunak dira. Izan ere, krisialdia ekonomikoaren ardura soil-soilik eredu neoliberalak du, kapital finantziero-espekulatzaileari pirateri ekonomiko jardunak garatzen uzten diolako.

Hego Euskal Herriari dagokionez, lan erreformaren baitan Zapateroren gobernuak planteaturiko neurri berriek kontratazioan zein kaleratzeetan patronalaren eskumenak handitu baino ez ditu egiten. Dagoen langabezi eta prekarietate mailarekin, administrazioak enpresariek aurkezturiko EREak onartzeko duen joera orokortuarekin… espainiar administrazioak enpresariei kaleratzeak erraztu eta merketzea iseka egitea baino ez da.

Zapateroren gobernua nazioarteko kapitalaren eskaeretara makurtu zaie, langile eta pentsiodunen eskubideak kolpatuz, krisia sortu dutenak (espekulatzaile finantzieroak, eraikuntzako holding-ak…) PSOEren gobernuak diru publikoarekin osaturiko “salbazio planen” kontura euren enpresak kudeatzen jarraitzen duten bitartean.

“Merkatuaren presiopean” Europako estatuek gauzatzen dituzten neurriak, gune ekonomiko handiek herritarren borondatearen gainetik ezarri nahi duten diktadura politiko eta ekonomikoaren adibide dira. Gobernuak “merkatuaren” eskaeren aurrean amore ematen dute, inork aukeratu ez duen oligarkia ekonomikoa, aitzitik, explotazioaren eta kapital metaketaren bidez hazitakoa dena. Demokrazia parlamentarioak zokoratu dituen merkatu diktadura baten aurrean gaude gaur egun. Hau da, faxismo politiko-ekonomikoaren aurrean.

Zapateroren neurriak gainera, INPOSAKETA bat dira euskal langileontzat. Beste behin ere, egungo marko estatutarioak zera adierazten digu: Estatuak harturiko erabaki politikoen rezepzio administratibo batzuk diren instituzien izaera subordinatu eta sukurtsalista. BURUJABETZA POLITIKO ETA EKONOMIKOAREN ezinbesteko beharra adierazten digu horrek, Hego Euskal Herriko ekonomiaren kudeaketa eta garapenerako eta aberastasunaren banaketa justu baterako neurri autonomo eta propioak artikulatu ahal izateko.

Horregatik, ekainaren 29a lan erreformari eta negoziazio kolektiboan planteatzen diren neurri kolateralei EZEZKO BOROBILA emateko eguna dugu, baina, era berean, euskal instituzio eta agente sozial eta ekonomikoei eginiko INPOSIZIO berri batu EZEZKO BOROBILA emateko eguna.

Ezker Abertzaleak deialdi sindikalari bere babesa adierazi nahi dio, eta era berean, testuinguru politiko eta ekonomiko honetan, langile eta pentsiodunen aurka ezarri nahi diren neurri larrien aurrean, BURUJABETZA POLITIKO ETA EKONOMIKOA urjentziazko beharra dela adierazi nahi du. Gure herriaren garapen ekonomikoko protagonista izan behar gara Euskal Herriko gizon eta emakumeok, gure instituzio eta eragile ekonomiko eta sozialekin batera. Euskal Herriak ezin ditu ordaindu, ez ditu ordaindu behar, Madrileko Gobernuaren kalapitak eta higiezinen espekulazioan eta pelotazoaren kulturan oinarrituriko eta hamarnako ustelkeria kasuk zulaturik dagoen bere eredu produktiboa.

Horrela, 29an lan erreformari ezezkoa emango diogu, baina baiezkoa emango diogu burujabetza ekonomiko eta politikoari; baiezkoa emango diogu Lan Harremanetarako Euskal Esparruari… euskal langilegoari eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea ahalbideratuko duen Euskal Estatua ikusmiran dugularik.

EKAINAREN 29an GREBARA
LAN ERREFORMARI EZ, MURRIZKETA SOZIALEI EZ
BURUJABETZA EUSKAL HERRIARENTZAT

No hay comentarios:

Publicar un comentario