2010/06/13

“SAGARREN DENBORA” DOKUMENTALAREN ESTREINALDIAREN KRONIKA BERRIA EGUNKARIAN

Iturriak: ETENGABE / BERRIA


Begi busti irribarretsuen eskerrak

Baionako Atalanten estreinatu 'Sagarren denbora' dokumentala ikusi dutenak arras hunkituta atera dira

Adiskide, historiko edo ezezagun interesatu, adin guztietarik, Baionako Atalante zinema gelako 180 lekuak osoki betetzeaz gain, berrogeitamar bat baino gehiago kanpoan gelditzera behartua izan da leku eskasarengatik. Ez da usu euskal filmarik ekartzen zinema gela horretara, eta estreinarik nehoiz. Agian, arrakasta horrek atea irekitzen lagunduko die ondokoei.

Anartean, salara sartu direnentzat filma hasi aitzin eman euskara hutsezko sar hitzak jada doinua jarri dio gaualdiari. Dokumentalean agertzen diren Kristiane Etxaluz eta Alfonso Etxegarai bikotea eskertuak izan dira, beren istorioa, historia, publikoaren bihotzera ekartzeko egin urratsagatik.

Eta publikoak ere hala sentitu du, iduriz. Gipe-ipesek ekoitzi Josu Martinez eta Txaber Larreategiren dokumentalak, Hibai Castro kameran, bihotzak ditu hunkitzen zuzen-zuzen. Lehenik, Euskal Herriaren bi puntetako Etxaluz zuberotarra eta Etxegarai bizkaitarraren gaztaroak nola aitzinatu diren azaltzen du, Euskal Herria askatzeko borroka bakoitzak nola bizi izan duen zehaztuz. Eta gero 25 urte hauetan bizi deportazioaren egunerokoari lotzen da dokumentala. Etxegarai sorterritik 7.000 kilometrotara dagoen Sao Tomen bizitzera kondenatua baitago, eta Etxaluz Sao Tome eta Domintxaine artean. Deportazioaren sistema esplikatzen bada, dokumentalean bereziki nagusitzen dena maitasuna da, bien artekoa eta Euskal Herriarentzat daukatena.

Egoera dorpea, baina, halere, dokumentalaren proiekzio denboran irriek berenganatu dute sala behin baino gehiagotan. Bi pertsona horiek zinezko pertsonatzat aurkeztuak baitira, bat mania anitz duena, bestea etxea nehoiz biltzen ez duena. Elkar ezagutu zutelarik ere, bada irri egitekorik.

Dokumentala bururatu eta, salatik ateratzean, berriz, hitzik gabeko begi busti irribarretsuak nagusi. Bat baino gehiago joan zaio Etxaluzi eskertzeko eta muxuak emateko, hunkiturik. Airean harrapatu komentarioen artean, baieztapen bat, «kontatu beharreko historia da, bai». Bestea oraindik begiak borobil-borobilak, zur eta lur egiazko historia dela jabeturik, eta oharturik errealitate hori oraindik anitzek bizi dutela forma batean edo bestean: «Gainera, ezagutzen duzularik egiazki bikote hori, oraindik barnagotik duzu sentitzen bizi dutena». Halako «etxekoak etxekoei mintzo» sentsazio bat izan da ostiralean.

Hunkituak, bikotearen zintzotasunaz bizi errealitateari begira. Diren bezala agertzeaz gain, pentsatzen dutena azaldua da, makillajerik gabe. Hunkituak, horrek adierazten duen sufrikarioa bete-betean harrapatu balute bezala. Jakes Abeberri Miarritzeko hautetsi eta Enbatako historikoa ezin isilduz ari zen, erabat harrapatua. Historia «unibertsal bat» kontatzen duela dio: «Mila mezu ditu. Hor daukazu bereizketa etengabe hori, onartzen dutena, beren gain hartzen dutena. Euskal Herrira sartzea Etxaluz, ezinbestekoa da bientzat... Sentitzen duzu indar bat... Anitz erbesteratzera behartuak dira lanagatik edo, baina hemen ez da hori kontua. Gainera, guztia soiltasun handiarekin erakutsia da. Ez da prebikurik. Etxegaraik zehazten duelarik gurasoak hilak dituela eta beldur dela noizbait etxera sartu eta ez duela fitsik eta nehor ezagutuko... Daukan duintasun hori... Berenaz ari badira, aldi berean Euskal Herri osoarentzat mintzo dira. Nola jalgiko gara sufrimendu horretarik?... ». Eta ondoan Pantxoa Bimboire Enbatako hurbila baita, komentarioak segitzen. Etxegarairen isiltasunak ditu biziki zuzenak eta duinak kausitu, baita Etxaluzi egiten dion maitasun deklarazioa ere: «Entzuten duzu gizon hori maite zaitut erraten... Gu ez ginateke horren gai». Julen Madariaga ETAren sortzaile eta Aralarreko kideak dokumentalari esker ulertu du zergatik ez duen ihes egiten Sao Tometik Etxegaraik: « Han gelditu eta bizi duen hori, pena hori esplikatu nahi izate hori. Sufrimendu hori ez dela alperrik, zentzu bat baduela...».

Dokumentalean adieraziak diren esaldi bat baino gehiago errepikatzen entzun dira berriz ere jendeen ahotan. Etxaluz herritik kanpo hiltzea bereganatua duela aipatzen duelarik, Etxegaraik bizi izan torturak kontatzen dituelarik eta bereziki gero, mintzatu dela, « kantatu » duela azaltzen duelarik. Eta badira ere ez direnak erranak, Piarres Xarriton euskaltzain, idazle, eta abertzale eta elizaren munduko entziklopediak laburbildu duen bezala: «Baina ez baita dena erraten ahal». Heldu den emanaldia, Ainhize-Monjolosen (Baxenabarre), hilaren 17an, 21:00etan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario