PENTSIOEN ERREFORMA: BANKAREN LAPURRETA INSTITUZIOEN LAGUNTZAZ
Pentsio sistema publikoaren erreforma eta honen ondoriaok hartzen ari diren neurri guztien norabidean txertaturik ulertu behar da. Bigarren Mundu Gerraren ostean sortu zen Ongizate Estatua behingoz desagertarazteko erasoaldi osoaren baitan, horren funtsa den pentsio sistema publikoari tokatu zaio oraingoan. 80-90 hamarkadetako krisialdian neolibralismoa keynesianismoari atzaparrak botatzen hasi zaitzaion eta orango krisialdiarekin, antza, aitzakia aproposena daukate aurreko sistema horren azken aztarnak guztiz ezabatzeko.
Bankak agindu, Europak men egin eta Estatuek betetzen dute. Horixe da etengabean errepikatzen ari den eskema. Honela, azken hamarkada luzeetan egin diren murrizketarik basatienak aplikatzen ari zaizkio herritarren gehiengoari elite ekonomikoaren mesedetan. Pentsioen kasuan ere, banakak pentsio sistema pribatuekin negozioa egiteko premiaz ohartarazi du eta bide hori hartzea erabaki du botere ekonomikoa.
Gezur bat behin eta berriro errepikatua…
Jendearen etorkizuna kolokan jarriko dituzten neurriak hartzea da helburua. Eta honetarako, jakina denez, ezinbestekoa da aldez aurretik ondo antolatutako kanpaina mediatiko propagandistikoa burutzea. Honela, txostenak eta ikerketak eta adituak atera izan dituzte azken aldi honetan non nahitik, pentsio sistema arrisku bizian dagoela sinestarazteko, horrela jarraituz gero apokalipsia etorriko litzatekeela, gero eta zahar gehiago daudela, pentsioak ezin direla bermatu… gezur hutsak.
Pentsio sistemak laster batean porrot egingo duela abisatzen diguten txostenak aspalditik argitaratzen dira. Ez da ezer berria. Bolada garrantzitsua izan zen espainiar estatuan 1995 eta 2000 urteen bitartean eta, 15 urte beranduago, gizarte Segurantza ez dago behea jota, aurreikusten zutenez. Aitzitik, superabitaz amaitu zuen iaz zein aurten–langabezia tasa itzelezkoa izanda ere- eta erreserba funtsa 64.000 milioi eurotakoa da. Harritzekoa ez da horrelako estatistika interesatuak ateratzen dituztenak FMI, Enpresarien elkarteak, santander edo BBVA bezalako bankuak eta bar izatea. Momentu honetan fijatzen bazarete pentsio sistema pribatuen iragarkietaz daude beteta bai irrati zein telebistak. Pastela zatitzen hasiak dira.
Zelako neurriak aplikatu nahi dituzte erreforma honekin?
Hobetoen ulertzen den neurria (eta ikusgarriena) erretiro adina atzeratzea da, 65 67 urtetara. Hala ere, hau izugarria bada ere, bestelako neurri batzuk benetan kaltegarriak izango dira denontzat.
Honela, pentsio eskubidea izateko beharrezkoak diren kotizazio urteak gehitu, oinarria kalkulatzeko urte gehiago kontuan hartu eta kotizazio urteen arabera jasotzen den diru kopurua murrizteak praktikan pentsio eskubidea guztiz mugatuko digute denoi. Beste neurri batzuen artean…
Pentsioa kalkulatzeko urte gehiago kontuan hartu. Orain azken 15 urteak hartzen dira kontuan eta 20-25 urtetara pasatu nahi dute.
Pentsio osoa. Orain pentsioaren %100 kobratzeko, 65 urte izan eta 35 urte kotizaturik eduki behar dira. 37-40 urtetara pasatu nahi dute.
Pentsio eskubidea izateko, gutxienez 15 urte kotizatu behar dira (horrela pentsioaren %50 jasotzen da). Minimo hau 20 urtetara igo nahi dute
Eta zelako ondorioak ekarriko dizkigu?
Nahiz eta 67 urtetara ez igo edo nahiz eta aukera moduan utzi, praktikan beste neurri horiek hartzen badira, ezinezkoa izango zaigu 65 urterekin jubilatzea, miseria gorrian gelditu nahi ez badugu. 37-40 urte kotizatu behar badira pentsio osoa jasotzeko, 30 urterekin lan merkatuan sartu eta sekual bertatik irten ez denak baino ez du jasoko.
Lan merkatu prekario honetan, zatikako jardunaldiekin, aldi baterako enpleguekin eta daukagun seguru bakarra langabeziatik behin baino gehiago pasatuko garela izanda, argi dago inork gutxik izango duela penstio eskubidea bermaturik. Honek bereziki emakumeei eragingo die, sektore feminizatuetan zatikako jardunaldiak ohikoak baitira edota emakume asko lan merkatua tarte batez uzten dutelako familia bizitzaz kontziliatu ahal izateko.
Hori bai, bankeroak gure “aportazio” politekin mila milioko pentsioak jasotzen jarraituko dute. Diputatu zein senatariak, zer esanik ez: eurentzat ez dago erreformarik, parlamentuan 7 urte emanda, %80 kobratzeko eskubidea izango dute, eta 12 urterekin %100.
Zein da erreformaren azken helburua?
Beraz, pentsio sistema publikoek ez daukate porrot arriskurik eta, gainera, jubilazioa bermatu ahal diguten bakarrak dira. Daukaten arrisku bakarra da publikoki kudeatzen den diru hori guztia lar goxoa dela esku pribatuentzat. Izan ere, bankak kudeatzen dituen pentsio sistema pribatuak bai daude krisian: mundu mailan beren balioaren %18 galdu dute; AEBetan, krisialdia hasi ostean, 2 bilioi dólar galdu zituzten; espainiar estatuan 2.696 milioi “desagertu” ziren urtearen lehen hiru hilabeteetan… Hauxe da eskaintzen duten bermea eta, hala ere, horixe da erreskatatu nahi duten banka. Berriro bankuak salbatu eta berriro langileon diruaz. Lapurketa hutsa. Baina lapurketa legala.
Erreforma honen helburu bakarra pentsio sistema pribatizatzea da, banketxeei negozio itzela ematea pentsio duin bat ziurtatu nahi duenak pentsio pribatu bat egin beharko duelako. Pentsio miserableak izan nahi ez baditugu, pribatura jo beharko dugu, baina argi eta garbi dagoenez, “irtenbide” hori ere gutxi batzuentzat baino ez da, jende askok eta askok ezinezkoa baitugu horrelako “planik” egitea.
Ezin dugu onartu milaka lagun pentsio eskubiderik gabe gelditzea. Behar beharrezkoa dugu ezinbestekoak diren aldaketen aldeko borroka indartzea.
• Enplegua sortu behar da, baina kalitatekoa: soldata zenbat eta handiagoa, orduan eta gehiago kotizatu.
• Gazteak eta emakumeak lan merkatuan sartu behar dira, baina baldintza eta aukera berdinetan
• Fiskalitate justu eta progresiboa, gehien irabazten dutenek gehiago ordain dezatela eta kapital errentek ez daitezela sarituak izan
• Euskal langileok geure pentsio sistema erabakitzeko ahalmena eta bitartekoak behar ditugu. Eta berton erabaki behar dugu, berton lan egin eta berton kotizatzen baitugu.
Gaurko ardunadun instituzionalak ez daude prest politika ekonomiko eta sozialak aldatzeko. Gaur instituzioetan nagusi diren indar politikoek erabaki berdin-berdinak hartzen dituzte eta egiten ari diren bidea betirako dela bermatzen dute euren arteko alternantzia politikoarekin. Beraz, aldaketa sozialak lortzeko, aldaketa politikoak behar ditugu, instituzioak aldaketaren zerbiztura jarri behar dira eta marko instituzional berria eraiki behar dugu.
Greba orokor hau ez da amorrualdi edo kasketaldi hutsa. Benetako aldaketaren alde borrokan jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde borrokan jarraitu behar dugu, herritarrak gutxi batzuen ekonomiaren mesedetan ez daitezen erabili, baizik eta ekonomia herritarren mesedetan. Euskal herritarrok mobilizatu beharra daukagu, kalera irten eta geure eskubideak errespeta ditzaten aldarrikatu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario