OSABARI GUTUNAK
Seigarren gutuna
Osaba maitea.
Bukatu dira gabonak. “Erdi materialista” “Erdi ezer ere” ez garenoi, Jesusitoren koadrilakoak karka samarrak iruditzen zaizkigunoi, egia esan, ez zaizkigu gehiegi gustatzen, nahiz eta jendeak inoiz baino gehiago edan, inoiz baino gehiago kantatu eta inoiz baino gehiago besarkatu. Baina debekatutakoa desiatu ohi den gisa berean, derrigorrezkoa gorrotatu egiten dugu. Eta horregatik, jai hauetan ia dekretuz inposatzen dutenean zoriontasuna eta familia; eta txanpana, kantua eta besarkada... ba niri gogoa joaten zait. Nire bufanda beltzaren atzean ezkutatu, eta denbora pasatzen uzten dut. Azken finean, katarro bat bezalakoak dira gabonak: astunak dira, gogaikarriak, baina ez dute gehiegi irauten.
Gaur, gutunaren ordez, pakete postala bidaltzen dizut. Urte berrirako premiazko gauzez osatua. Pisuagatik igarriko diozunez, irriz, ametsez, borrokaz eta muxuz beteta doa. Irlan bizirauteko elikagai urgenteak, guztiak. Baina ez da Santa Klausen izpiritua izan gutunazala goraino kargatzera bultzatu nauena. Izan ere, zuk nik bezain ondo dakizu, osaba, urte berria ia inoiz ez dela urtarrilaren batean hasten. Batzutan bai, baina ez da derrigorra. Urte berria edozein egunetan has liteke. Esaterako, gure aberri inesistente honetan, jende asko zegoen urte berriaren zain eta azkenean gaur iritsi da, atzerapenaz etorritako chrismas bat bezala eta adjetibo eta guzti: Urte berria orokorra, egiaztagarria eta iraunkorra izango da.
Baina agian iritsia zen lehenago; agian urte berrian geunden eta asko ez ziren oraindik ohartu. Larunbatean, lagun uholde bat elkarrekin oinez gindoazela Bilboko kaleetatik, jendeak elkarri begietara begiratzen ziola iruditu zitzaidan. Eta begiek, gezurrik esaten ez dakiten kanika berbati horiek, hala esaten ziotela batzuek besteei; “Urte berria heldu da”.
Bakoitzak, bere urte hasiera izaten du, noski. Zuretzako, nik uste, abendu hasieran iritsi zela urte berria. Eta hegazkinez iritsi zela. Eta Zuberoako dama zaharren itxura eta jet lag handia zituela. Eta Domintxineko sagarrez beteta zekarrela motxila.
Zeinahi kasutan, paketea ez dizut urte berria dela eta igortzen. Urtarrila delako sartu ditut irriak, ametsak, musuak eta borrokak gutunazalean. Badakidalako hilabete berezia dela zuretzat. Urtarrilean jaio zinelako mundura eta urtarrilean hil zintuztelako, duela hogeita sei urte, Ekuadorren bahitu eta torturatu zintuzten polizia espainol haiek. Baina berpiztea lortu zenuen, osaba. Eta horregatik, urtero, zure bi jaiotzak gogoratzen ditugu urtarrilean.
Agurtu nire partez Marie. Eta kontuan hartu pasatu direla gabonak. Beraz, jada derrigorrezkoak ez direnez, berriro gustatzen zaizkit edatea, kantatzea eta besarkatzea. Ia aurten zurekin egin ahal ditugun hiru gauza eder horiek. Hemen, gure aberri inesistentean.
Urte berri on, osaba.
Zure loba
P.s. Gogoratzen Afrikan geundela esan zeniguna? Dena da posible.
No hay comentarios:
Publicar un comentario