2010/12/28

Kirol Selekzioen ofizialtasunaren alde ekiteko deia

EZKERABERTZALEA.INFO

Asteazken honetan, abenduaren 29an, Euskal Herriko futbol selekzioak partida jokatuko du Bilbon Venezuelaren aurka. Herri honetan ilusio handia pizten duen ekimena izan ohi da Gabonen bueltan jokatzen den partida hau, kirol selekzio guztien ofizialtasun gogo eta beharraren erakusgarri.

Euskal Herria Pirinioen bi aldeetan hedatzen den herria da, administrazio ezberdinen pean egon arren nazioa osatzen dugu. Eta herri guztietan gertatzen den bezala gure kirolariek eskubidea dute euren koloreak Nazioarteko txapelketetan defendatu, leihatu, irabazi edo galtzeko.

Gaur egun ukazioa baino ez dugu ikusten. Kirolariek euren koloreak defendatzeko ezintasunak jarraitzen duen bitartean beste selekzio eta nazio batzuk defendatzera behartzen dituzte. Gainera herri osoari ukatzen zaigu gure selekzioak animatu eta jarraitzeko eskubidea. Finean, gure herriaren ukapenean eraikitzen den politika honek Euskal Herriaren bisibiliazazioa suntsitzea du helburu.

Ezker Abertzaleak argi du asteazkeneko futbol lehia bi selekzioren arteko norgehiagoka baino askoz gehiago dela. Federazio eta gobernutxoen gogo ezaren aurrean eskubideen aldarrikapen sakona da; futbolariek euren elastiko berdea baino askoz gehiago defendatuko dute egun horretan: Euskal Herriak nazioarteko eremuan ordezkatua izateko duen eskubidea, hain zuzen ere.

Honegatik guztiagatik herritarrei dei egiten diegu, abenduaren 29an, Bilbon “NAZIOA GARA, OFIZIALTASUNA!, Lortu behar dugu, lortuko dugu!” lelopean, ESAITek antolatutako ekimenetan parte hartzera. Bereziki Areatzatik abiatuta arratsaldeko 18:30ean, egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu nahi dugu, guztion artean gure nazio eskubideen alde egin dezagun.

Ezker Abertzalea
2010eko Abenduaren 27a

No hay comentarios:

Publicar un comentario