"Xabi eta Alfon etxera!" lelopean, gaur manifestazioa egingo da Gorliztik Plentziara. Arratsaldeko zazpietan irtengo dira Gorlizko udaletxetik eta, herriko kaleak zeharkatu ostean, Plentziako udaletxera abiatuko da. Bertan, bi udalerrietako hainbat eragilek hitza hartuko dute, Xabier de la Maza preso gazte gorliztarraren eta Afrikako Sao Tome uharte txikian erbesteratuta dagoen Alfonso Etxegarai plentziarraren eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko.
Joan den igandean 70 bat lagunek elkartasuna adierazi zieten errepresaliatu politiko biei, Gorliz eta Armintza arteko mendi martxan. Ibilbidean zehar talde argazkiak ateraz, Ermuamendira igo ziren eta, ondoren, Armintzara helduta, triki-poteoa egin zuten herriko tabernetatik. Azkenik herriko frontoian bazkaria egin zuten. Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzaleak adierazi duenez, "larunbatean urtebete izango da Xabier de la Maza gure laguna atxilotu zutenetik. Ez dugu ahazten! Bestalde, Alfon Etxegaraik 25 urte daramatza Sao Tomen etxera itzuli ezinik! Xabi eta Alfon etxean nahi ditugu!".
Xabier de la Maza gazte gorliztarra 2009ko abenduaren 18an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, azaroan burututako 34 gazteen aurkako sarekadarekin lotura zuelakoan. Hiru egunez inkomunikaturik egon ondoren, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali zuen. Inkomunikazioa altxatu ostean, poliziaren esku egondako egunetan etengabeko mehatxuak eta irainak jasan zituela salatu zuen mutilak. Egun, Alacant aldeko Fontcalent espetxean daukate, Gorlizetik 825 bat kilometrotara, autoz joateko. Alfonso Etxegarai plentziarrak, berriz, 25 urte bete ditu aurten deserrian. 1986ko abuztuaren 14tik dago munduko herrialderik txiroenetakoa den Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan, Gineako Golkoko 1.001 kilometro koadroko eta 160.000 bat biztanleko herrialdean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario