2010/11/05

"Erabat bakarturik" daukate Arantza Zulueta abokatua

UkBerri.net agerkari digitalak zabaldu duenez, Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna abokatuen aurkako polizia operazioan atxilotu zuten apirilaren 14an eta, bost egunez inkomunikatua eduki ondoren, espetxean sartu zuten. Berehala Cacereseko kartzelara eraman zuten. Emakumeen moduluan sartu zuten, bertan zegoen euskal preso politiko bakarra zela. Hainbat hilabetez bakarrik egon ondoren, espetxe horretan dauden euskal preso politikoek borrokaldia abiatu zuten, Zuluetak bizi zuen bakartze egoera amaitzeko eskatuz. Itxialdia ere egin zuten. "Egoera konpontzera bidean, zuzendariarekin hitz egiten ari zirela, Malagako espetxera lekualdatu dute Arantza, bertan isolamenduko modulu batean sartu dutelarik, erabat bakarturik", salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Malagako espetxean beste lau euskal preso politiko zeuden, baina azken astean horietako hiru beste kartzela batzuetara mugitu dituzte. Une honetan, gizonezkoen moduluan ere preso politiko bakarra dago. AAMren arabera, sei hilabete daramatza bakartuta Zuluetak.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Arantza Zuluetak sei hilabete daramatza bakartua:

Arantza Zulueta abokatuen aurkako polizia operazioan atxilotu zuten apirilean eta bost egunez inkomunikatua egon ondoren espetxean sartu zuten. Berehala Cacereseko espetxera eraman zuten, bertan emakumeen moduluan sartu zutelarik, bertan zegoen euskal preso politiko bakarra izanik. Hainbat hilabetez bakarrik egon ondoren espetxe honetan dauden euskal preso politikoek borrokaldia burutu dute azken asteotan Arantzak bizi duen bakartze egoera amaitzeko eskatuz, tartean itxialdia burutu zutelarik. Egoera konpontzera bidean zuzendariarekin hitz egiten ari zirela Malagako espetxera lekualdatu dute Arantza, bertan isolamenduko modulu batean sartu dutelarik, erabat bakarturik. Malagako espetxean beste lau euskal preso politiko zeuden, baina azken astean hauetako hiru bestelako espetxeetara mugitu dituzte, une honetan gizonezkoan moduluan ere preso bakarra dagoelarik.

Goizean lau ordu patio ditu, bakarrik ateratzen da patiora eta beste egun guztia ziegan ematen du. Eduki pertsonalak mugatuak izan ditzake, liburuak, arropak e.a. Espetxezainak bakarrik ikusten ditu, ez dagoelako beste presorik modulu honetan.

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik Arantza Zulueta euskal preso politikoaren aurka darabilten mendekuzko jarrera salatu nahi dugu. Euskal preso politikoen eskubideen defentsan urte luzez aritu ondoren, espetxe politikaren ankerkeriak zuzenean aplikatu dizkiote abokatuari, sakabanaketa eta bakartzea kasu. Bakartzeak presoa pertsona bezala suntsitu eta militante politiko bezala desegitea du helburu, komunikazio bideak ukatuz presoari, bakardade sentsazioa indartuz presoarengan.

Euskal preso politikoen aurka ezarritako muturreko egoeren aurrean mobilizatzeko deia luzatu nahi dugu hemendik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario