2011/03/01

HITZALDIA PLENTZIAN: "HONDAKINEK BADUTE IRTENBIDEA"

Kandelaria Kultur Elkarteak antolatuta, hondakinen kudeaketari buruzko hitzaldia Plentziako Goñi Portal kultur etxean, martxoak 5, larunbata, 12:00etatik aurrera. Hona hemen antolatzaileen oharra:

"Hondakinen kudeaketa gero eta konplexuagoa da, gero eta material desberdin gehiago erabiltzen dugulako eta, batez ere, gero eta zabor gehiago sortzen dugulako. Baliabideak mugatuak dira. Mundua husten ari gara zaborrak gainezka egiten digun bitartean.

Orain arteko bidetik jarraituz gero, oso urte gutxitan egingo dute gainezka Bizkaiko zabortegiek eta erabaki egokiak hartu ezean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan eraiki nahi duten errauste plantak 25-30 urtetarako lotuko gaitu kudeaketa eredu xahutzaile eta kutsakor honetara.

Zer zentzu dauka lehengaiak (papera, kartoia, beira, plastikoa eta janari kondarrak…) erretzeak?

Guztiok diogu birziklatzen dugula, baina orokorrean sortzen ditugun hiri hondakinen % 23 baino ez dugu gaika biltzen, % 90 birziklagarria denean.

Arazoa larriagotu baino lehen, birziklatze-tasa handitu eta, batez ere, herritarrentzat erosotasuna eta osasuna bermatuko dituen hondakinen kudeaketa aitzindaria martxan jarri behar dugu Bizkaia osoan, jada Gipuzkoako Usurbil, Hernani eta Oiartzunen martxan dagoen berbera: atez ateko bilketa.

Gaur egungo inertziari buelta eman diote herri hauetan. % 80tik gorako gaikako biltze portzentajeak lortuz, herritarren osasuna eta etorkizuna bermatzeko.

Hondakin atal guztiak nahasian jasotzeak ez dauka inongo zentzurik; ez ingurugiroaren ikuspegitik, ez ekonomiaren ikuspuntutik, ezta baliabide publikoen kudeaketaren eraginkortasunetik begiratuta ere.

Konponbidearen arloan, Zero Zabor filosofia zer den azalduko dugu eta ATEZ ATEAri atal berezi bat eskainiko diogu.

Kontsumitzen duguna beharrezkoa dugun, botatzen duguna ondo botatzen dugun, ekoizten dena ondo ekoizten den, eta abar. Zertarako egin gauzak erdipurdi, gauzak ondo egitea dagoenean.

Guztiaz elkarrekin solasaldi bat edukitzeko gonbitea egiten dizuegu:

  • HERRIA: Plentzia
  • EGUNA: martxoak 5, larunbata
  • LEKUA: Goñi Portal Kultur Etxea
  • ORDUA: 12:00etan
  • GAIA: “Hondakinek badute irtenbidea”
  • HIZLARIAK: Gipuzkoa Zero Zabor elkarteko Ainhoa Arrozpide eta Mikel Ikatzategi.
  • Antolatzaileak: KANDELARIA KULTUR ELKARTEA eta GIPUZKOA ZERO ZABOR ELKARTEAK.

Besterik gabe, bertan elkar ikusiko dugulakoan agurtzen gara".

No hay comentarios:

Publicar un comentario