2011/01/12

PLENTZIAN ONARTUTAKO TXOSNAK ARAUTZEKO ORDENANTZAREN HARIRA

2010eko abenduaren 21ean Plentziako Udalbatzan behin behinekoz onartu zen herriko jaietan eta bestelako ospakizunetan instalatzen diren txosna eta antzekoen esleipena eta horien funtzionamendua arautzen duen ordenantza aldatzea.
Hori dela eta, gaurdanik dagokion espedientea jendaurrean egongo da 30 egunez, interesatuek aztertu dezaten eta egoki deritzeten erreklamazioak aurkez ditzaten.
Hau da jendaurrean jarri den espedientea: Herriko jaietan eta bestelako ospakizunetan instalatzen diren txosna eta antzekoen esleipena eta horien funtzionamendua arautzen duen ordenantza aldatzea.

Eta hona hemen BAOn agertutako iragarkia:


Jarraian Plentziako Ezker Abertzaleak 2010eko uztailean aurkeztutako alegazioak irakur daitezke, eta laster alegazio berriak zabalduko ditugu:

INFORMAZIO ESKAERA BERRIA PLENTZIAKO UDAL GOBERNUARI

PLENTZIAKO UDAL GOBERNUARI INFORMAZIO ESKAERA BERRI BAT LUZATU DIOGU:

Matrillune Bidearen egoera kaskarra dela eta, hurrengo informazioa eskatzen dugu:

•Udalak, bide honetatik ibiltzen diren kamioiek sortutako bide hondaketari buruzko informazioa jaso duen.
•Bidea, epe laburrera konpontzea adostuta dagoen.
•Konponketa lan hauek nork hartuko dituen bere gain (Udalak ordainduko duen, kamioen enpresak edo lanak egiten ari den tokiaren jabeak...)


NUEVA SOLICITUD DE INFORMACION PRESENTADA AL GOBIERNO LOCAL DE PLENTZIA:

Debido al mal estado en que se encuentra el camino Matrillune Bidea, solicitamos la siguiente información:

•Si el Ayuntamiento tiene conocimiento de los desperfectos causados en dicho camino por los camiones que por ahí transitan
•Si se contempla a corto plazo la reparación del camino
•Queremos saber quién va a ser el que pague las costas de dicha obra (Ayuntamiento, empresa propietaria de los camiones, dueña/o del terreno donde estos trabajan…)

2011/01/11

OSABARI GUTUNAK: SEIGARRENA


OSABARI GUTUNAK

Seigarren gutuna

Euskal Herria, 2011-01-10

Osaba maitea.

Bukatu dira gabonak. “Erdi materialista” “Erdi ezer ere” ez garenoi, Jesusitoren koadrilakoak karka samarrak iruditzen zaizkigunoi, egia esan, ez zaizkigu gehiegi gustatzen, nahiz eta jendeak inoiz baino gehiago edan, inoiz baino gehiago kantatu eta inoiz baino gehiago besarkatu. Baina debekatutakoa desiatu ohi den gisa berean, derrigorrezkoa gorrotatu egiten dugu. Eta horregatik, jai hauetan ia dekretuz inposatzen dutenean zoriontasuna eta familia; eta txanpana, kantua eta besarkada... ba niri gogoa joaten zait. Nire bufanda beltzaren atzean ezkutatu, eta denbora pasatzen uzten dut. Azken finean, katarro bat bezalakoak dira gabonak: astunak dira, gogaikarriak, baina ez dute gehiegi irauten.

Gaur, gutunaren ordez, pakete postala bidaltzen dizut. Urte berrirako premiazko gauzez osatua. Pisuagatik igarriko diozunez, irriz, ametsez, borrokaz eta muxuz beteta doa. Irlan bizirauteko elikagai urgenteak, guztiak. Baina ez da Santa Klausen izpiritua izan gutunazala goraino kargatzera bultzatu nauena. Izan ere, zuk nik bezain ondo dakizu, osaba, urte berria ia inoiz ez dela urtarrilaren batean hasten. Batzutan bai, baina ez da derrigorra. Urte berria edozein egunetan has liteke. Esaterako, gure aberri inesistente honetan, jende asko zegoen urte berriaren zain eta azkenean gaur iritsi da, atzerapenaz etorritako chrismas bat bezala eta adjetibo eta guzti: Urte berria orokorra, egiaztagarria eta iraunkorra izango da.

Baina agian iritsia zen lehenago; agian urte berrian geunden eta asko ez ziren oraindik ohartu. Larunbatean, lagun uholde bat elkarrekin oinez gindoazela Bilboko kaleetatik, jendeak elkarri begietara begiratzen ziola iruditu zitzaidan. Eta begiek, gezurrik esaten ez dakiten kanika berbati horiek, hala esaten ziotela batzuek besteei; “Urte berria heldu da”.

Bakoitzak, bere urte hasiera izaten du, noski. Zuretzako, nik uste, abendu hasieran iritsi zela urte berria. Eta hegazkinez iritsi zela. Eta Zuberoako dama zaharren itxura eta jet lag handia zituela. Eta Domintxineko sagarrez beteta zekarrela motxila.

Zeinahi kasutan, paketea ez dizut urte berria dela eta igortzen. Urtarrila delako sartu ditut irriak, ametsak, musuak eta borrokak gutunazalean. Badakidalako hilabete berezia dela zuretzat. Urtarrilean jaio zinelako mundura eta urtarrilean hil zintuztelako, duela hogeita sei urte, Ekuadorren bahitu eta torturatu zintuzten polizia espainol haiek. Baina berpiztea lortu zenuen, osaba. Eta horregatik, urtero, zure bi jaiotzak gogoratzen ditugu urtarrilean.

Agurtu nire partez Marie. Eta kontuan hartu pasatu direla gabonak. Beraz, jada derrigorrezkoak ez direnez, berriro gustatzen zaizkit edatea, kantatzea eta besarkatzea. Ia aurten zurekin egin ahal ditugun hiru gauza eder horiek. Hemen, gure aberri inesistentean.

Urte berri on, osaba.

Zure loba


P.s. Gogoratzen Afrikan geundela esan zeniguna? Dena da posible.

2011/01/10

2009. URTEAN PLENTZIA ETA GORLIZKO UDALEI HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIAK BIDERATUTAKO KEXAK

Hona hemen Plentzia eta Gorlizko udalei 2009. urtean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak helarazitako kexak. Sakatu irudietan kexak handiago ikusteko:

PLENTZIA


GORLIZ

Aipatutako txostenaren arabera, Plentziako Udalak ez die kexei erantzun. Aitzitik, "Gorlizko Udalak ez du bat egiten kexen zioekin eta kirol-elkarteek zuzenean egindako kartelak direla jakinarazten dute (287-2009, 288-2009, 289-2009)".

2011/01/09

BIHAR, HILAK 10, ALFON ETXEGARAIREN URTEBETETZEA

Bihar, hilak 10, 53 urte beteko ditu Alfonso Etxegarai Atxirika deportatu plentziarrak. Alfonek ia bizitza erdia eman du deserrian: izan ere, 1986ko abuztuaren 14tik dago munduko herrialderik txiroenetakoa den Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan, Ginea Golkoko 1.001 kilometro kuadroko eta 160.000 bat biztanleko herrialdean. Horra, Ekuadorreko Poliziak indarrez eta inolako lege-izapiderik egin gabe eraman zuen. Gainera, zazpi hilabete lehenago, bertako Poliziak metraileta buruan jarrita bahitu zuen eta Espainiako zerbitzu sekretu edota segurtasun indarretako kideek torturatu zuten.

Aukera ona da postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, urteak egiteaz batera bere konpromisoan eredugarri ditugun euskal gudariei zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adierazteko.

Zorionak Alfon, eta eskerrik asko erakusten duzun adore eta kemen horregatik!

ALFON ETXEGARAI

CP 328

SAO TOME

R.D.S.T.P.

AFRIKA

2011/01/08

PLENTZIA ETA GORLIZKO GAZTERIA AURRERA! EPAIKETARIK EZ!


Duela egun batzuk Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladak Plentziako alde zaharreko Uriartenatxikia etxea okupatu zuela jakinarazi zuen. Antolin Deuna Plazatxoan dagoen etxeari gazteek izena aldatu zioten: ERMITATZE GAZTETXEA; eta leku autogestionatu bihurtu nahian, azkar garbitze eta antolatze lanak burutzen hasi ziren gazteak. UKBERRI agerkari digitalak zabaldu duenez, asanbladakoek "lehenengo egunean udaltzainen bisita izan zuten eta hiru gazte identifikatu zituzten". Atzo, ordea, ertzaintza gaztetxera hurbildu zen eta sei gazte identifikatu ostean, asteartean epaiketa azkarra izango dutela jakinarazi zien. Hala eta guztiz, gazteen asmoa laster tailerrak, hitzaldiak eta ekimen ezberdinak egitea da eta horregatik "auzolanetan laguntzeko asmoz, eskualdeko neska-mutilei Ermitatze gaztetxera hurbiltzeko gonbitea luzatu diete", UKBERRIren arabera.

Plentzia eta Gorlizko gazteria aurrera!
Okupazioa ez da delitoa!

PLENTZIA ETA GORLIZKO EZKER ABERTZALEA



2011/01/02

GORLIZ ETA PLENTZIA: EGIN DEZAGUN URRATSA

2010. urteko azken ostiralaren harira, Plentzia eta Gorlizko 40 lagun baino gehiago bildu ginen euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan. Aldi berean, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den "Euskal Presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, EGIN DEZAGUN URRATSA" lelopean manifestazio nazionalarekin bat egin genuen.